Udaberria

Xabier Lekuona.
2010eko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Apenas pizten dudan telebista, pelikularik ikusteko behintzat. Bartzelonaren futbol partidak kenduta, apenas dagoen ikuskizunik. Akaso, Madrilek galtzen duenean. Ikuskizuna nahi dudanean, leihora jo eta ibaia pizten dut. Kaioak eta ahateak izan dira orain arteko nire telebista. Horiek izan ohi dira protagonistak, Leitzarango eta Oriako urek eskainitako ikuskizuna. Dibertimendua. Polita, baina kamera geldoko ikuskizuna.

Ubarroiak urpekaritzan, arrantzan etxeko leihotik ikustea, berriz, oso berezia da. Minutu erdi ur azpian egoteko gai dira amuarrain txiki bila. Pare-parean dituzula, ur azpian sartu eta, errekan gora edo behera, urrun ateratzen zaizkizu azalera. Behin eta berriro, replay.

Eta horretaz ere aspertzen hasi naiz, eta asteburuan berriro piztu dut telebista. Eta kontraprogramazioarekin egin dut topo. Konturatu naiz erreka erabat aldatu dela. Enarak eta sorbeltzak -Googlek ez du preziorik- agertu dira. Kaioen hegalaldia zein motela den sumatzen duzu enara taldeak ikusten dituzunean, sorbeltzak ziztu bizian mutur aurretik pasatzen zaizkizunean. Kamera azkarra martxan jarri da. Denak txioka, pelikulak mutu izateari utzi dio. Eguzkiak berotzen hasi du. Udaberria iritsi da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.