Txokolatezko palmera bat oparitu zidan. Handia, beltz-beltza, etxean egina. «Zuretzat». Listu guruinek bor-bor eta urdailak bur-bur, pozarren hartu nuen. Ahoa zabaldu eta hozkada perfektua ematera nindoan, baina zalantza egin nuen: nondik hasi jaten txokolatezko palmera bat. Tortilla patata pintxoaren teoria frogatua dago: ertzetik hasi behar da eta puntan bukatu. Punta delako zentroa, punta ahogozagarrien. Maite zaitut esateko modu bat da tortilla patataren punta eskaintzea. Pila-pila-pila tortilla patataren punta behar zuen abestiak, baina ez zuen errimatzen, eta pailazoek jakintzat jo zuten zertaz ari ziren. Txokolatezko palmera ez da pintxo bat, eta esku artean dudanak bihotz forma du. Nola jan bihotz bat. Bihotza jaten dizutenean erdibitu egiten da, baina pena ematen zidan txokolatezko palmera erdibitzeak. Alboetan hozka eginda, akabo bihotza; puntatik hasiz gero, bihotza bainoago ipurdi bat neukake eskuetan, eta gosaldu berritan ez neukan ipurdirik jateko gogorik. Begiak itxi ditut. Kito. Ezin da bihotzak jateko teoriarik egin.
Txokolatezko palmera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu