Ze tximak dituen. Ez dio izenik jarri gaur arte. Politikariren bat? Javier Milei ageri da telebistan, bere gorbata eta traje, tximak nahas-mahas. Pasa den igandean, botoen %55 baino gehiago eskuratuta, Argentinako lehendakari izendatu zuten Sergio Massa alderdi peronistako hautagaiari aurrea hartuta. Milei eta Massa, abizenak euren asmoen sinadura. Milek bere legea ezarri nahi duelako, legerik eza aldarrikatu, osasuna, hezkuntza zein baleak pribatizatu, genero ideologia zorrien pare burutik kendu, politika bera akabo, berea ez delako politika; berea askatasunerako bidea da, karajo.
Eskuin muturraren joera eta proposamenen arrakastak logika eta estrategia oso bati jarraitzen dio, eta Mileik pentsatu gabe esaten dituenak besteko aurre-lana du bere orrazkerak. Donald Trumpen ile horitua edo Boris Johnsonen flekillo koipeztatua.
Gurean, orraztua ideiei ematen zaie, txukun, zuzen, eta antolatu nahian bagabiltza edo, orraztua eman egiten digute jokoa jolas bihurtzen den partidetan. Eskuina bigarren orraztuaren zale da. Eta gu ileak puntan tximoso alaen horiei begira. Ai, beldurrak baino tximetaraino egotea lortuko bagenu.