Izan zen garai bat denok Twitterren egon nahi genuena, ezin zenuena ez egon, egon gabe ere bazeundena. Twitterren araberakoa zen elkarrizketa, bazenekiena eta ez zenekiena; Twitterren zeuden eztabaida eraikitzaileak, jende inteligentea, dibertigarria, ezagutu beharrekoa; hari onenak, meme onenak, gomendio onenak. Twitter agorarekin, plazarekin berdintzen zen, mundua aldatzeko, salatzeko, manifestazio deialdiak zabaltzeko tresna zen Twitter, eta magia ere egiten zuen: «Twitter, egin zure magia» esanda berehala lortu zitzakeen agortuta zeuden Gorka Urbizuren kontzertuko sarrerak, Budapesteko euskaldunen baten kontaktua, Atxondoko bailaran galdutako katua. Nik ez dakit nola erosten den sare sozial bat, baina Elon Muskek bai. Twitter erosi zuen, izena aldatu zion eta ahal zuen guztia. Eta nola erabili halako tipo batek zarabiltzanean: batzuek bertatik joatea erabaki dute horretarako aski motibo badelako; beste batzuek bertan jarraitzen dute, eta ez zaie arrazoirik falta. Twitter, egin zure magia, eta egin ezazu zeure buruaz beste.
Twitter, egin zure magia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu