Angel Erro.
JIRA

Turistak

2014ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Iruñean hamabost bat lagun salatu dituzte beren etxebizitzak egunka alokatzeko orrialdeetan, Airbnb bezalakoetan, eskaintzeagatik. Beste hiri batzuetako agintariek ere, tokiko ostalaritza sektoreak bultzatuta, turismoa egiteko modu pixka bat merkeago honen kontra egin dute. Bitxia da merkatuen legea hainbestetan aldarrikatzen dutenek honetan debeku interbentzionista jarri nahi izatea. Liberalak, komeni zaienean. Dagoeneko inor ez dute kontraesanok harritzen.

Turismo sail batek, horrelakoak debekatu aurretik, kontuan hartu beharko luke turismo klase guztietarako tokia badagoela, Iruñera modu honetara datorren jendeak ere bestelako ekarpenak, are ekonomikoak ere bai, egiten dizkiola hiriari. Nire herriko karrikak eta plazak animatuak ikustea dut gogoko, bertakoez eta kanpokoez beteak, lotara non gelditzen diren eta tasak nori ordaintzen dizkioten arduratu gabe. Baina hori ere ez da posiblea (edo hori ere ez da doakoa), plazetako espazio publikoa terrazak jartzeko alokatzen baitiete udalek ostatuei.

Egunkari batean irakurri dut udal batek (ez du axola nongoa) plaza publiko bat saldu duela bertan hotel bat eraikitzeko. Turistak ere jende dira, ez ostalaritzaren ustiagai esklusiboa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.