Ez zait mozorrotzea gustatzen, esan du, ez zait platanoa gustatzen, ez zait hondartza gustatzen, ez zaizkit euskarazko filmak gustatzen esaten den tonu berean, sinetsita eta ez-axolati. Niri ere ez zait bereziki aurpegia margotzea gustatzen, baina makillatzen naiz. Aurten nerabeen artean modan dauden animalien mozorroek harritu naute —tigreak, txakurrak, flamenkoak— eta umetan egiten genuen galdera hura egin diot berriz neure buruari: zein animalia zara zu? Garbi daukat erantzuna. Umetan «izurdea» esaten nuen, izurdea izurdea delako, baina ni ez naiz izurdea, ez dut uste sekula izurdea izan naizenik. Jarraitu: zein animalia da zure ama? Zein animalia da zure lankidea? Zein animalia da pareko telebistako aurkezlea? Ariketa hori egiten pasa nezake eguna. Denok gara animalia bat, denok bizi gaitu animalia batek. Piratak, indioak, rockeroak, militarrak, mojak, superheroiak. Uste dut, denok izan nahi dugula, tarteka, askotan, beste norbait, baita mozorrotzea ez zaiela gustatzen esaten duten horiek ere.

Trapuen azpian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu