Tortura, niretzat, hortzetako min bat da bularraldean. Ez zait gorputzean kabitzen, eta ezin dut beste inon kokatu. Nik torturaz idazteko zilegitasunik ez dudala sentitzen dut, eta, aldi berean, sentitzen dut gutxiegi esan dudala. Bainera, plastikozko poltsa, elektrodoak. Mehatxuak, jarraipenak, inkomunikazioa. Lotsatzen nau aitortzeak nik Joxe Arregi Xabier Gantzarainen Zuloak liburuan ezagutu nuela. Gantzarainen hipotesia zen Zumetaren Gernika koadroan ageri diren oinak Joxe Arregiren oinazpi erreak zirela, eta nik amari galdetu nion, zer-dago-bazkaltzeko galdetzen den tonu bertsuan: zein da Joxe Arregi?
Gaur Kursaalen elkarretaratzera deitu du Euskal Herriko Torturatuen Sareak. «Ni torturatua izan naiz» esatetik «gu torturatuak izan gara» esatera aldea dago. Hemen tortura sistematikoa izan da, eta helburuak eta arduradunak izan ditu. Gorputzak jarriko dituzte eta argazkiak atera. Gaur egungo aurpegi ubelik gabeak ere torturarenak dira.