Nola egiten zen hau. Nola egiten zen hau galdetzen dut enkontru sozial bat dudanero, etxean ogia egiten hasten naizenetan, berreketa bat —biderketa batek ere balio du— parez pare jartzean, osasun karpetara sartu nahi badut, bertso-saio bat dudan aldiro. Badakizu noizbait egin duzula, berez badakizula egiten, baina sinesten duzu jakitea gogoratzea dela, eta iraganeko liana hori ez duzu topatzen. Hemen jarrita idazten nuen, ordu honetan, kafe honekin. Irakurri hau, ze ona hori, apuntatu. Benga, hasi. Borratu hori. Salto. Ondokoak esan dizu lasai egoteko, bizikletan ibiltzen sekula ez dela ahazten. Nik esan nahi diot bizikletan ibiltzen ahaztu ez arren egunen batean ezingo dela bizikletan ibili, baina urduritzean krudel xamarra bihurtzen naizela oroitu dut, eta isildu egin naiz. Gogoratu dut lehen zutabe hari Torlojuak izenburua jarri niola. Zutabeak egiteko gomendio praktikoa eman baitzidan batek: torlojuak egin behar dituzu, ez diamanteak; torlojuak. Beste behin balio izan dit aholkuak: lokiko konkorrak atzamarrez bilatu eta torlojuak estutzen hasi naiz.
Torlojuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu