Sekula ez omen da esan behar «sekula», baina baditut, gaur-gaurkoz, inondik inora ere jantziko ez nituzkeen tixertak: ez nauzue ikusiko ingelesezko leloa duen batekin, propio urratuta dagoenarekin, edo instituzio baten izena bularrean daramadala, Gipuzkoako Aldundiaren, Greenpacen edo Unescoren kamiseta batekin, adibidez. Hormigoiz idatzitako lege propio hori diluitu egin zait, ordea, Gorka Torreren epaiketaz geroztik. Baionako auzitegiaren aurrean deklaratzera deitu dute asteon. Euskaraz defendatu ezinda, bertatik atera zen eta erabakitzear da auzia. Euskararen aldeko intsumisio jarrera aldarrikatu du Torrek, eta hala mintzo zen konbentzituta eta sutsu, eskuak gerrian, txapela buruan eta Unescoren tixerta soinean. Hizkuntza gutxituak ondare gisa babesteko Herribiltzak erabili izan du nazioarteko erakunde horren sinboloa. Niri kosta egiten zait urruneko instituzio horiek irudikatzen, konfiantza izaten eurengan, ez behintzat, soinean eramateko beste. Zin dagit, hala ere, hemendik aurrera paparra apalduxeago begiratuko diodala Unescori. Nahiago nuke beste batzuen «sekula» ere nirearen neurrikoa balitz.
Tixerta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu