Badirudi Ukrainako gerraren amaiera ez duela nazioarteko bake bilera batek ekarriko, ez inoren garaipen berehalako batek, ezta gure txioek ere, errusiar herritarrek errekrutatuak izateari uko egiteak baizik. Hala erakusten digute telebistan. Begirune handia diet desertoreei, toki guztietakoei, baina ez dakit gerra bat geldiarazteko gauza izan diren askotan. Gerra dialektikak erraz irensten ditu, zer esanik ez autoritarioa izatetik urrunegi ez dagoen estatu batean. Baina demagun baietz, Putinek bere agintaulkia arriskuan ikusten duela herritarren atsekabeak gora egitean. Kasu horretan bakea antzezteko garaia izanen zen.
Hori, baina, ez dugu berehalakoan ikusiko. Argituko ahal zaigu guztioi ordurako nor non desnazifikatzen ari zen. Terminoen nahasmena ere gerra dialektikaren azpiatal ezaguna da. Gaur hauteskundeak dira Italian eta gogora etorri zait ostiralean Ane Irazabali irakurritako txioa, XX. mendearen hasieratik Italia Europako laborategi politikoa izan dela esanez (Mussoliniren faxismoa, Berlusconiren populismoa, 5 Izar mugimenduaren antisistema erreakzionarioak, eskuin muturra boterean Salvinirekin). Gaurkotik atera ahal denarentzat oraindik ez dugu izenik, ondorioak aski aurreikusgarriak diren arren.
JIRA
Terminologia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu