Maialen Akizu.

Tapatu

2024ko ekainaren 27a
05:00
Entzun

Marraduna, kolore bakarrekoa, markakoa, Piolinena, Bob Marleyena, Realekoa. Oihal txatalez egindako tapakiaren antza izan behar du igerilekuko belardiak hor goitik begiratuta. Lehentxeago joan direnek zabal jarri dituzte euren toallak; beranduxeago joan direnek tarte geometriko irregularrak bihurtu dituzte leku. Trasteak utzi eta ur-ertzera hurbildu gara. Igerileku handiaren ingurumaria ezaguna egin zait: gazte kuadrillak petrilean, mutikoak txiri-bueltaka, zarata, lekua, zipriztinak eta mundua eurena izan daitezkeela sinetsita; neskatilek eskaileran egiten dute sartu-irtena. Igerileku txikiaren estanpa ahaztuagoa nuen. Beteta dago, haurrak hara eta hona dabiltza, igeri egin nahi dute, lurra eskuarekin ukitu, uztaiak jaso, siku dagoena busti. Haurrak. Haur batzuk, ordea, justuko bainujantzia daramate, ipurtaldea eta hanka-tartea estaltzen dien trajea, eta beste batzuek, den-denek, titiburuak dituzte estaliak, horietako batzuk sabela ere bai. Ume batzuentzat gorputza tapatu egin behar da. Bainujantzien kolore, marrazki eta betegarrien sestrak berean dirau. Igerilekuan, udan, eguzkitan, denak pixka bat gutxiago axola digula dirudien momentu horietan ere, gure haurrak haur izatea baino nahiago dugu neskatila edo mutiko bihurtzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.