Hedabide gehienetan Urrezko Globoen albisteak argazki bera konpartitzen du: Demi Moore. Irribarretsu, lirain, gazte. Aktorerik onenaren saria irabazi du Colarie Fargeatek zuzendutako The substance filmarekin. Aktore on bat pertsonaiarengandik bereizi ezin dena dela entzun nion behin bati, eta dudarik gabe, The substance-ko protagonista Moore da. Pelikulak ikuskizunaren munduan emakumeek jasaten duten indarkeriaz dihardu. Zahartzen ari da Moore, eta substantzia misteriotsu batek erraietatik klon gazteago bat sortzen dio. Kuxina aurpegian ikusi ditut eszena asko, pailazo hiltzaileek baino laztura handiagoa eragiten didate gorputzari lotutako beldurrek, ezagunagoak zaizkit, eta «substantzia» bera ere ez zait hain zera misteriotsua iruditu; are, Moore parez pare izanda. 62 urte ditu andreak. «Hari tenkatzaileak» ditu bularrean, izterretan; matrailezurra markatzeko bicheptomia, ezpainetan azido hialuronikoa, bekozkoan toxina botulinikoa. Filmean errukirik gabeko kamera baten aurrean biluzten da, eder izateari uzten dio, eta horrek, oraindik ere, txunditu egiten gaitu. Baina, pantailaz beste, eder izateari uzten ez dion andrea dator argazkietan.
Substantzia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu