maialen akizu 34 172x172

Sua

2024ko ekainaren 11
05:00
Entzun

Aintzane Lasarte Bidasoa Etorkinekin elkarteko kide eta kultura bitartekari ohiaren elkarrizketa zekarren asteburuko berripaperak. Lasartek dio jendeak laguntzeko joera izan duela beti, eta mugan, batez ere, DNAn daramatela hori, betidanik lagundu dutela, elkartasun hori historikoa dela. Europako Parlamenturako hauteskundeen biharamunean hitzok esperantzan izpi bat nola sumatu ditut, eta Protagorasen mitoarekin gogoratu naiz. Jainkoek mundua sortu zutenean Prometeo eta Epimeteo anaiei eman zien hilkorrei bizitzarako beharrezkoak zituzten ahalmenak banatzeko ardura. Epimeteo, etimologikoki, «lehenik jardun eta ondoren pentsatzen duena» da, kaskarina, eta banaketa bakarrik egingo zuela tematu zen: batzuei atzapar eta hortz zorrotzak eman zizkien; besteei, ihes egiteko abiadura, kamuflajea, hegoak besteei. Baina seko ahaztu giza espezieaz. Honatx gure ezintasun denen jatorria. Deskuidu hura konpontzeko Prometeok sua ostu zuen gizakientzat. Suaren bueltak babestu omen gaitu iluntasunetik eta hotzetik, borobilean jarri eta elkartzeko balio izan digu suak, elkarri ipuinak, kantuak, ohiturak kontatu eta komunitatea sortzeko. Elkartzea, ordea, ez da elkartasunaren sinonimo; eskuina ere elkartzen da. Suak erre ere egin du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.