Jira
Sua ari du
Gabonetarako jarritako bozgorailuetatik Mikel Laboaren kantuak sortu direla amets egin dut bart, plaza jendez betea hartu du musikak, negarrez hasi naiz Elgeta kantuko soinuaren lantuarekin, negu hurbilean eguzkitako betaurrekoekin dabilen jendeak harrituta begiratzen dio elkarri, ze kantu da hau, ze lantu da hau, belarrietan daramadan etxea da, esan diet, eta ez didate ulertu, biriketan daramadan etxea da, zuek ez dakizue zer den azkena izatea, harrituta begiratzen didate, izotz kandelak dauzkat sudurretik zintzilik, orduz lehen eta hitzik utzi gabe hiltzen banaiz kantu hau jarri behar duzue, esan diet, berdin du non, lurrarekin berdindu behar nauzuenean Elgeta jarri behar duzue, esan diet, ez dut elizkizunik nahi, hil zen Jainkoa eta Nietszche ere bai, baina ez didate entzun, bozgorailuetara begira daude denak, bakarrizketan segitu dut, hainbeste gauza on dago irakurtzeko, hainbeste, hainbeste idazle on, sekula ez nuen pentsatuko Durango faltan botako nuenik, zuek ez dakizue zer den libreak ez garela egoztea kartzelan sartu gaituenak, zuek eguzkitan zabiltzate gozo, oihuka hasi naiz gero, Gernika hasi da jotzen orkestra, sua ari du zerutik, eta zuek eguzkitan zabiltzate gozo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu