Gazako su etenetik guztia ez da zorion. Bost egun daramatzat gerrak eta gatazkak etikako zutabeak idazten, eta gaixotu egin naiz. Badakit, bestela ere denok gabiltza mukiak dariola, baina inuzentea ni ospatu nuelako nik-ez-dakit-zer, heldu nahi niolako nik-ez-dakit-zeri. Israelek Zisjordanian erasoak indartu ditu, eta, dirudienez, hori da orain sionisten helburu behinenetako bat. Su bat piztu, beste su batzuk itzaltzeko. Su eten bat piztu, erresistentzia su batzuk itzaltzeko. Fantasia zaleenak ere badaki magoaren makilari begira jarri behar dela publikoa, beste nonbait egiteko magia. Nora begira ari gara? Angela Davisek esan du: «Munduan faxismoa zabaldu nahi dutenen kargua hartzeak baino askoz gauza gehiago gertatzen dira». Adibidez: Vesuvioko sumendiak orain dela bi mila urte suntsitutako pergamino bat irakurtzea lortu dute. Hamabost testu-zutabe ditu pergaminoak eta bizitza gozatzeko moduen inguruko idatzi bat da. Baina berriz ere sua. Gorputzaldi honekin desio dudan su bakarra, poltsa beroa.
Su ejem
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu