Bart, zehazki 22:51n, izan zen udako solstizioa iparraldeko hemisferioan. Solstizioa latineko sol (eguzki) eta sistere (gelditzea) hitzen batura da. Lurraren inklinazioaren ondorioz eguzkia gure zeruko punturik gorenera heltzen da. Atzokoa izan zen urteko egunik luzeena, eta hiru egunetan eguzkia leku horretantxe geldituko da kieto, edo ilusio hori izango dugu lurtarrok; eta eguzkia gelditzen bada, edozer da posible. Bart, gainera, ilargia Kantzer tropikoko zero gradura iritsi zen. Kantzer zodiakoko hamabi zeinuetatik laugarrena da, 88 konstelazioetatik hogeita hamaikagarrena, ying-yang itxurako karramarroa. Mitologia grekoaren arabera, Hera Olinpoko jainkosa Zeus eta Alcmenaren seme Herkulesekin jelos da, eta hamabi betebehar gaizto eginaraziko zaizkio. Bigarrena, buru anitzeko suge bat akabatzea izango da. Herkules hiltzen laguntzeko Herak karramarro erraldoi bat bidaliko du, baina honek ez du jainkosaren nahia beteko. Hala ere, jainkosak konstelazio bihurtuta hilobiratuko du zeruan.
Kantzer, eskorpio eta piszisekin batera, uraren elementua da, zeinu guztietatik ilargiak gehien eragiten diona, etxekoia, afektuena, idealen eta beharren hara-honakoan dabilena. Eta zuk, atzo ere, berarekin amestu zenuen.