Jendea oraindik sumintzen omen da Disneyk edo antzeko konpainia erraldoi batek, bere produktuetako bat modernizatzeko-edo, pertsonaiaren bat arrazaz aldatzen duenean. Sirenatxoa beltz bihurtu izanaren polemika piztu dela ikusi dut, ia sinesgaitz. Seguru jende hori ez dela ekoiztetxeak berak ordaindua, datorren urtean estreinatu beharreko filma promozionatzen hasteko, edo gutxik ulertzeko moduko ironiaz aritzen diren parodiagileak?
Kasu honetan, gainera, nork agintzen du existitzen ez den izaki batek zein koloretakoa behar duen larruazala eduki? Hans Christian Andersen egileak bere testuan horrela hitzez hitz jaso edo bere garaian horrelakorik irudikatu ez izana aski arrazoia da?
Orain kexaka dabilen jendeak ez dut uste ahotsa goratu zuenik Andersenen ipuineko amaiera tragikoa eztitu izanagatik Disneyk, edo itsaslaminari Ariel izena asmatu izanagatik. Ilegorrikoa zenik ere ez zuen egileak aipatzen inon. Dirudienez, «ezer aldatu nahi ez dutenek» (Onintza Enbeitak larunbateko bere zutabean erabilitako hitzekin esatearren) bakarrik tradizio batzuk gorde nahi dituzte, kosta ahala kosta, beste batzuei ez ikusia egiteko prest dauden bitartean. Galdetu diezaiotela beren buruari zergatik.
JIRA
Sirena beltza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu