Angel Erro.
JIRA

Shazam

2017ko martxoaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Irakurri dut sortu dutela aplikazio bat, dena delako pintura baten irudi bat erakutsi eta zein artelanetakoa den esaten dizuna. Antzera dabilen aplikazio ospetsuena Shazam da, edozein tokitan entzundako kanta baten zati bat aski duena abestiaren izena eta kantariarena zein diren argitzeko, tabernako eztabaida antzu bezain entretenigarri batzuei bidea oztopatuz eta zerbitzariarekin edo disko jartzailearekin mintzatzeko aitzakia berriak bilatzera behartuz.

Ba omen daude bestelako idenfitikagailu automatikoak. Kalean edo basoan ibili, zuhaitz batek liluratu, hura izendatzeko prozeduraren bitartez haren edertasunaren parte bat eskuratzeko bulkada sentitu, baina, hogeita batgarren mendekoegia izanik, galdu duzu zure arbasoek omen zuten naturaren ezagutza sakona. Huts hori betetzeko ere aplikazioa ba omen dago—behintzat hala leitu nuen aspaldi—, aurrean duzun hori haltza, zumarra edo otsalizarra den argitzen dizuna. Agian oker nago eta, arbola gabe, txoriak identifikatzeko balio du. Deskargatu behar nuen oraindik gogoan nuenean.

Asmatuko ahal dute horrelako beste bat jendearekin erabiltzeko. Norbaiten esaldi solte batzuk jaso eta noren ezpalekoa den esanen dizuna, txio nola egiten duen, betiko leloa seinalatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.