Gutxi dira sekretu gabeak. Sekretuen ezaugarririk behinena da gorde egin behar dela; gorde eta gogoratu. Baina afaldutako hanburgesa estomagoan eusten kostatu modura, batzuetan, zintzurrean gora egiten du sekretuak, zure baitan zurea ez den indar batek mugituko balu bezala. Halakoetan gordeta mantentzeko forma bakarra ahoa ez zabaltzea da. Eta hori ez da erraza.
Ez zaizkit gustatzen sekretuak txikle bihurtzen dituztenak. Ahoan maska eta maska, «kontatuko banu hori», «jakingo bazenute», «hizketan hasiko banintz». Ixo. Egin globo bat, bota, edo irentsi eta ito. Ez naiz esan zaharra Puigdemont inon imajinatzekotan kartzelan imajinatzen dudala, baina Espainiako politika beti da koherentea Espainiako politikarekiko. Presidente ohia indultatzeko prest azaldu da PP. Estrategia elektoralak eta Puigdemonten txiklea: «Dena jakingo da». Feijooren inbestiduraren karietara PPk Juntsi eskaini ziona kontatzeko prest dago. Gordeta dauka ordukoa Aitor Estebanek ere. Hanburgesak eta txikleak, digestiorako aholkurik onena Harkaitz Canoren Twist nobelako hura: hiruk sekretu bat gorde dezakete haietako bi hilik badaude.