Angel Erro.
JIRA

Salbuespenak

2023ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Lurrikarak eragin dituen hildakoen eta zaurituen kopurua gora doa egunetik egunera, ordutik ordura. Eta horren berri ematen dute, egunez egun, orduz ordu, albistegiek. Estatistikoki kasuen gutxiengo nabarmena bada ere, aurkezleek maite dute ezbeharren notizia segidetako azkena itxaropentsua izatea; hondakinen artean erreskatatutako norbaiten irudiarekin amaitzea maite dute, eta ume txiki batenarekin bada, askoz hobe. Seguruenik jarrera gizatiarrena da, egoera ilunenean ere argi izpia bilatu nahi izatea, heriotzaren grabitazio indarraren aurrean bizitzak bidea urratzen duela sinestea. Salbuespenak maite ditugu, bestizenez mirariak.

Halako ezbeharren berri telebistan ikusi eta lehen bulkada ere lagundu nahi izatearena da. Dirua, burusiak, elikagaiak hara igortzeko telefonoak eta bilguneak ugaltzen dira. Munduko gobernuek ere lan hori eginen dute, borondate ona baina alferra dutenen izenean, horiez gain suhiltzaile edo sendagile taldeak ere hara bidalita.

Baina horretan ere salbuespenak daude. Turkiarekin batera lurrikara nozitu duen Siriaren gaineko blokeo ekonomikoa ez du lurrikararen larritasunak altxaraziko. Salbuespenek ere muga dutelako. Benetan miragarria kontrakoa litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.