Ez dakit norako bidaiak, azal belztuak, indarberritzeak eta atsedenik izan ez dutenak. Baina berriz ere igandea eta euria. Badirudi denok berdintzen gaituela igande euritsuak. Aita santuaren hileta elizkizuneko bideoek azaltzen jarraitzen dute. Harrigarriak iruditzen zaizkit halako zeremoniak. Zeinek, nola, zergatik antolatu duen jakin nahi dut. Hilabete pasa izango da, baina berripaper honetan Donostiako Udaleko protokoloko langilearen erreportajea irakurri nuenetik saihetsezina egiten zait horretaz pentsatzea. Hala zioen Elene Eizmendik: «Protokoloa, etimologikoki, grezieratik dator eta bakoitzaren lekua esan nahi du. Bakoitzak leku bat dauka, daukan karguarengatik edo den pertsonagatik. Protokoloak leku hori ordenatzen du». Protokoloko langileak antolatzen ditu argazkiak, loreen kolorea, hitzaldiak, elkarrizketak. Atzoko elizkizunean Espainiako Felipe erregea propio joan zen Trumpi eskua ematera; andreek ezin zuten pitxirik jantzi; Frantzisko behin baino gehiagotan konpondutako zapata beltzekin hilobiratu zuten. Vatikanoan ez zuen euririk egin. Hori ere protokoloaren parte izango zen.

Protokoloak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu