Atera kamera, egin argazkiak, harrapatu jendea, ikusi zertan den mundua. Begira egon bestela, nahikoa da. Terraza batean eseri eta jendeari beha egon; adinaren batez bestekoa atera, gutxi goiti beheiti, eguerdiko ordu batean; jarri belarria eta elkarrizketak zertaz diren jaso; entzun dituzun hizkuntzak zehaztu; maskotak zenbatu; tabernan zein egunkari dauzkaten ikusi. Hartu bat, edozein, amorrurik handiena ematen dizuna, eta iragarkiak zenbatu, eta ikusi gero beste albisteetatik zenbat diren propaganda hutsa: halako etxek telefono berria jarri du salgai, ez dakit zein enpresak auto elektrikoa aurkeztu du, urliak liburua atera du.
Ikustekoa da zenbat leku eskaintzen zaien, esate baterako, egunkari eta albistari serio ustekoetan, azken tramankulu teknologikoei. Ondo ematen du gure kezka eta irriken berri. Ondo ematen du gure neurria.
Familia albuma bera ere, dio Martin Parr argazkilariak, propaganda hutsa da, gezurra gezurraren ondoren baitakar: seme-alabak irriz eta pozik ateratzen ditu beti jendeak, baina berez, haurrek negar sarri egiten dute. Baina negarrez ari den haurrari argazkia egitea ez dago ondo. Ezkontzetako argazki ugari izan ohi dugu, baina hiletetakoak batere ez.
Jira
Propaganda
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu