Hasiera guztiak ez dira bukaerara heltzen. Batzuetan, bukaerara heldu gabe bukatzen dira, edo gorde egin behar dituzu, hortxe utzi, eta hasieratzat zenuena bukaera bat gehiago bihurtzen da.
Pirritx, Porrotx eta Marimototsen emanaldi baten biharamunean, hauteskundeetarako nobedade giroan, kezkari zutabe forma eman nahian aritu nintzen. Hiru hitz idatzi, bi aldatu, lautan atzera. Ez nuen asmatzen nondik-nola esan, eta abenduko eulia baino lotsagabeago ote nenbilen zalantza eginda, bere horretan utzi nuen. Hilabeteren buruan, orduko izenburuak gaurko egunera egin du salto. Sare Herritarraren Giltzak ekimenaren bideoa dela medio Ertzaintzak Joxe Mari Agirretxe Porrotx-en aurkako ikerketa zabaldu du. Nik orduko zutabe hartan pailazoen ausardia, sorkuntza, dimentsioa, herri nahia, politika deitzen diogun hori goratu nahi nuen, eta iradoki Urkulluren, Otegiren edo Gorrotxategiren ondorengoek beste ardura sortzen zidala Porrotxen erreleboak. Ez nintzen ausartu idazten bukatzera ez nuelako erretiro bidean jarri nahi biboteduna. Baina katxiporreta, beti topatzen dute hasteko modua erretiratu nahi gaituztenek.