Noren askatasunaren seinale litzateke abortu eskubidearen kontra ere kantatzen duen bertsolaritza? Noren askatasun seinale lodiez, marikez, beganoez txisteak egiten dituena? Ezin al da egon zezenketen, Amazonen, etorkinak euren etxera bideratzearen alde? 2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa Nagusian kezka horri erantzun nahi izan zitzaion eta hamarreko handiko gaietan politikoki zuzentzat hartuak ez diren posizioetako jarri zituzten bertsolariak. Adibidez: «Zuen bigarren etxebizitza alokagai jarri duzue. Ijito familia bat azaldu da alokatzeko prest. Haiei ez alokatzea erabaki duzue». Deserosotasuna izugarria izan zen, eta komunikatibo zein estetikoki zailtasun handiak izan zituzten bertsolariek. Politikoki okerra da ijito familia bati bigarren etxebizitza alokatu nahi ez izatea; ez bigarren etxebizitza izatea, familia ijito familiatzat definitzea, ijitoak lagun izatea.
Askatasuna adieraberritzea da egungo disputa politiko handienetakoa. Ez da berdina zentsura eta askatasunak mugak dituela esatea, eta ez dago politikoki okerra deitzen zaion hori baino diskurtso hegemonikoagorik.