Zergatik hil poeta bat? Eta nola hil poeta bat? Bi galdera horien inguruan jardun dute egunotan albistegiek, Pablo Nerudaren gorpuzkinei egin dizkieten analisiak direla kausa. Susmoak lehenagotik bazetozen. Dena delako txostenak, oraindik jakitera eman ez duten horrek, nahiz eta familia azken emaitza aditzera ematen ari den, poeta nola hil zuten argituko bide du, zergatia gure interpretaziora utzita (ez da, dena den, enigma zailegia; gertakarien datak begiratzea nahikoa da).
Poeta bat hiltzeko motiboak ugariak izan daitezke. Seguruenik irakurleari bat baino gehiago bururatuko zaio, batez ere zalea bada edo izan bada inoiz. Pablo Nerudaren kasuan, datak ikustea besterik ez dago, Pinocheten erregimen ezarri berriaren zilegitasuna nazioartean auzitan paratzeko ahalmena da eragotzi nahi izan zutena. Bestelako gorrotoak gorroto, ez zen oso urruti ibiliko Garcia Lorcari beruna emateko erabakia hartu zuena. Bizirik poeta batek egin dezakeen kaltean konfiantza handiegia... pentsatuko du baten batek. Beste batzuen ustez hil ondoren entzuten zaielako poetei argien.
Hortik, beharbada, pozoiaren hautua, boterea armaz eta bonbaz hartu duten militarren epikatik eta oldarkortasunetik aski apartekoa.
JIRA
Poeta bat hiltzeaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu