Balizko plural batek eztabaidan dauzka Frantziako hedabideak; balizko singular batek sumindura eragin du Frantziako Asanblean. Marine Le Penen alderdiko diputatuak zer oihukatu duen: «Afrikara itzul daitezela» edo «Afrikara itzul dadila». Bestela esan, Mediterraneoko etorkinen itsasontziez mintzatzeko hitza hartua zuenean Jean-Luc Melenchonen alderdiko diputatua eten duenean, etorkinei ala berari egiten ote zien erreferentzia. Jakitekoa da Frantzia Intsumisoko diputatuak, Parisen jaioa den arren, jatorri kongotar eta angolarra duela, eta larruazala beltza. Eskuin muturreko diputatuak, «Afrikara itzul bedi» ala «itzul bitez Afrikara», zer esan duen, diferentzia handia omen dakar. Ez frantsesaren fonetikaren arabera, ondorio politikoetan baizik (diputatu lepenista denbora batez Asanbleatik kanporatua izan zitekeen). Horregatik ari dira eztabaidatzen eta agian ikertzen ere bai zer esan duen. Fonologoak kontratatuko dituzte, pluraltasunean adituak?
Gaizki ulertu ez badut, kontua konplikatuko zaio singularrean bota baldin badu esaldia. Pluralean botata, antza, iritzi politiko legitimoa baita; pluraltasunak babestua, hain zuzen. Singularra izan ala plurala, nik ez diot hainbesteko aldea ikusten.
JIRA
Plural ala singular
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu