Atzo berripaper honetan Kristina Berasainek Luis Vazquez Beltza-ri egindako elkarrizketak liluratuta utzi nau. Objektuen, eta bereziki diskoen edertasunari egiten dio gorazarre Beltzak, «pilatzailea» omen da. Gauza bakoitzak bere tokia du Doneztebeko Xabatenea etxean. Lorategiko zuhaitzak Jupiter du izena, ezkaratzeko Ultramarinosean GaliziakoTerras Mancaseko ardo zuria dute. Eta Xabatenea ezagutzeko menturan oroitu naiz asteon nire algoritmoak Google Mapsen funtzio ezkutuen hari bat erakutsi didala, eta bertan irakurri nuela mapsek, kokapenaz gain, barrualdeak ere erakuts ditzakeela. Etika albo utzi eta bilatzailean ipini dut Xabatenea etxearen Parroquia 13 helbidea. Hiru pisuko etxea azaldu zait ordenagailuan, egurrezko atea, horma zuriak, pertsiana berdeak, geranio gorriak. Audi 80 bat du aparkatua parez pare, Mahoren mahaiak eskuinera, eta ate ondoko leihoa irekita dago. Zoomari eman diot, gehiago, gehixeago. Ez dut lortu Xabatenearen barrua ikusterik, bilatzaileak ez du topatu pilatzailea, baina pantailako irudiari so gelditu naiz disko baten azala bailitzan.
Pilatzailea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu