Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioko presidente ohiaren aurkako epaiketaz ari ginen. Iritzi ezberdinak zeuden gertatuko zenari buruz, gertatu beharko litzatekeenaz, espazio judizialaren mugez, salaketa sozialaren aferaz. Baina eztabaidak beste norabide bat hartu du: «Nola esaten da piko euskaraz?». «Piko, ezta?». «Bai, zera. Nola izango da piko? Piko piko da, muxu hori emateko mokoa bezala jartzen direlako ezpainak. Moko-muxua agian?». «'Agurtzerakoan Ametsek Lurri moko-muxu bat eman zion'. Mesedez! Nik moko-muxua entzunda mukiak zintzilik dabilena imajinatzen dut». «Hiztegian dakarrena hauxe. 'Piko: aldapatsua; tresna aho-zorrotz batez eginiko ebakia; dantzetako jauzi mota, oinak hurbiltzea eta urruntzean datzana; bertso lerroaren indargunea; uraren korrontea'». «Pikoa ez da euskaraz, baina euskaraz eman daiteke pikoa». «Hara gure argi-iturria. Nik zuri pikoa, eta morreoa, eta muerdoa emango nizuke hizkuntza guztietan aldi berean». «Pikoa muxutxoa, morreoa muxukotea eta muerdoa muxu-hozkada?». Ez gaitu konbentzitu. Muxuentzat hitzak behar ditugu, muxuentzat ere.
Pikoa, morreoa, muerdoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu