maialen akizu 34 172x172

Pentsamendu sortzailea

2024ko ekainaren 22a
05:00
Entzun

Pisa beti egongo da oker. PISA txostenaren datuak ere beti izango dira ezbaian jarri beharrekoak. Baina datuek, egia-erdiak, gezur-laurdenak, esan egiten dituzte, eta, azkenengo PISA txostenaren arabera, Hego Euskal Herriko 15 urteko ikasleek ozta-ozta gainditu dute pentsamendu sortzailearen inguruko azterketa. 60 puntutik Nafarroakoek 33,5eko nota eskuratu dute, eta EAEkoek 31,9koa. OCDEko batez bestekoa 32,7koa izan da, eta Europar Batasunekoa 32,1koa. Emaitzetan maila sozioekonomikoak, generoak zein familia-jatorriak eragina dutela frogatu da.

Pentsamendu sortzailea lehenengoz neurtu omen da PISA txostenean, orain arte kalifikatu diren matematika, irakurmen edo zientziek pentsamendu sortzailearekin loturarik ez balute bezala, eta sormena bere hutsean herren, eta pentsamenduarekin lotu dute. Ikasleek honelako ariketak osatu behar izan dituzte: gaitu solairu askoko liburutegi bat gurpil aulkian doazenentzat; binetekin bat datorren eguzkiaren eta lurraren arteko komiki-gidoi original bat sortu; 2983 izenburuko liburuaren argumentu posible bat idatzi. Titularretako 33,5a baino 2.983 aldiz nahiago nuke eguzkiaren eta lurraren ondora gurpil aulki hegalari batean joan, eta handik ikustea nolakoa den solairu askoko liburutegi hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.