Aspaldi handian ikusi gabeko adiskide min batekin topatu eta berehala harremanak betikoaren bidea nola hartzen duen, denbora igaro ez balitz bezala, miresgarria da, baina ez guztiz harrigarria. Seguruenik kontrakoak emanen liguke susmo txarragoa. Horixe izaten da, izan ere, adibide kanonikoa, denbora igaro ez balitz bezalako sentipenarena. Eta beharbada hala da, denbora subjektiboa den heinean, baliteke guk nahierara gelditu ahal izatea, nolabaiteko pause botoia sakatuta mentalki, batez ere sakon markatzen gaituzten gauzekin.
Aste honetan ospitale batean egin behar izan dut geldialditxoa, gertuko norbaitekin. Zorionez ez du luze jo, baina bere laburrean ekarri dit aurreko aldien intentsitatearen oihartzuna. Geldotasunaren oroimena. Kafetegira jaistearen liberazio eskasa. Beldurra, garentxoaren aurrean, gal genezakeenaren aurrean. Baita etxera bidali behar zaituztelako ziurtasunik gabeko poza.
Denbora igaro ez balitz bezala. Hau bezalako uneen arteko pausaldietan etzanen balitz, eta ez beste ezertan, zoriontasun oharkabea. Adiskide onak, etxeko kuttunak pausetan ezagutzen dira. Urteetan aritu gabe eta ahaztuko zenuelakoan ama hizkuntzan berriz eginez sentiarazten zaituztenean bezala.

JIRA
Pausean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu