Bihar Señora bertso eguna da estreinakoz Soraluzen. Señora esaten, aldarrikatzen eta biltzen duen kontzeptua da. Izate bat bainoago jarrera batera zaramatzana. Gatazka sortu du, eta gatazka ez da txarra: klasista dela eta marmar; gaztelaniatik datorrela eta gurgur. Eta konturatzen zara kontzeptuari leporatua eta mugimenduari, antzekoak direla. Mikel Elkoroberezibarrek elkarrizketatu du Oihana Arana, besteak beste, egunaren antolatzailea. Oihanak dio performance «mamarratxo» apur bat falta zaiola bertsolaritzari. Mamarratxo esan du, ez zirto, ez naturaltasun, ez plaza. Nik ere saiatu nahi nuen zutabe mamarratxo bat egiten, baina iazko III. Señora sariketan pamela jantzi zuen Maider Arregiren azken habanerak egiten dit oihartzun: «Inoiz tokatuko ez den auzokoaren kiniela/ Lentejaz ta babarrunez, betetzen dugun sabela/ Zure logelako lore, nire loredun logela/ Bolleren bisera beltza ta mariken lentejuela/ Husten ez duten ta pobrez betetzen duten kartzela/ Desalojorik ez edo AHT-rik ez kartela/ Elkarrekin dantzan dauden Sara Spatz ta Mikela/ Glamur gabeko bizitza ederrentzat da pamela».
Pamela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu