Palestinako su etenak Jenin hirian segi du kabala. Sei herritar hil dituzte, hogeita hamabost zauritu. Bideo batean ikusi dut kalean aurrera txamarra beltzdun bati nola egiten dioten tiro. Espaloira salto txiki bat egiten du, balek ez dute jotzen, eta kantuan hasten da txamarraduna. Beste tiro bat botatzen diote, eta txamarradunak pausorik bizkortu gabe segitzen du kantuan. Kantuaren erritmoagatik, akordura etorri zait Amets Arzallusek orain bi hamarkada egindako Palestina egunez egun erreportajean Jeninen ezagututako Palestinako bertsolarietako bat izan zitekeela. Palestinako bertsolari haiek ehun plaza inguru egiten zituzten urtean, ezkontzetan maizenik, ekitaldi politikoetan ere inoiz. Ia beti binaka, eta a cappella. Bi ordu inguruko saioak egiten zituzten, eta txapelketa bat ere antolatu zuten 1996an. Laurogei bat lagun aurkeztu ziren eta forma estetikoa, esanahia eta kantaera epaitu ziren. Gaur bi bala saihestu eta kantuan jarraitu duen bertsolaria imajinatu dut Nerea Ibarzabalen agur haren antzeko bat kantatzen: «argi izpi bat desastrean/ dena izozten dela baten bat/ kantuan hastean».
Palestinako bertsolaria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu