maialen akizu 34 172x172

Oraintxe

2024ko uztailaren 31
05:00
Entzun

Oporrek gutaz guk eurez bezainbeste esaten dute. Agerian uzten dute, nolabait, zer utzi nahi dugun atzean, zeren bila gabiltzan, zer onar dezakegun, zer bizimodu mota nahi genukeen aukeratzen utzita. Uda darion toalla batean etzanda irudikatzen naiz, izerdi usaina dut, baina paisaiaren parte da. Arnasa sakon eta astiro hartzen dut, oso astiro, hain mantso ezen ia ez den nabari. Besoak soinaren alde banatara erortzen dira, enborrari itsatsitako bi adar dira, eta eurak gabe ere bizi naiteke. Hankak luzatzen ditut, oinak nigandik urruti daude eta bizkarreko korapilo guztiak askatu zaizkidala iruditu zait. Sinetsi dut hilabeteko oporraldiak sendatuko dizkidala min denak, konponduko duela komuneko zisterna, autoko gurpilak aldatuko dituela, ile-apaindegira ere ez dudala joan beharrik izango, oporrek txukunduko dizkidatela txima hauek. Irudikatu ditut kafesnea izotzarekin hartzen duten bilera batean bukatuko dela Palestinako genozidioa, bero honekin inork ez duela inor hilko, inor zapalduko, eguzkian konfiantza dut, itsuki. Oporrak «ezer» ez egiteko garaia omen dira, baldin autonomoa ez bazara, ez baduzu entregarik, zaintza behar duenik inguruan. «Ama, benga» esaten dit nireak. «Oraintxe».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.