Xabier Gantzarain Etxaniz.
Jira

Ona

2012ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Edertasuna auzi politikoa da, eta morala. Gustua ez dugu berezkoa, ikasi egiten da, ezarri egiten da. Irabazlea da eredua beti. Bada bideo bat sarean, ileak lazteko modukoa. Mexikon grabatua da, eta agertzen direnak umeak dira, hamar-hamabi bat urte ingurukoak, batzuk zuriak eta besteak beltzaranak. Bi panpina jartzen dizkiete aurrean, bata zuria eta bestea beltzarana; eta galderak egiten hasten zaizkie: zein da panpina ederra? Hau (zuria). Zein da panpina zatarra? Hau (beltzarana). Denek erantzuten dute gauza bera. Baina hori ez da hasiera besterik.

Zein da panpina ona? galdetzen diete gero, eta denek zuria aukeratzen dute. Eta zergatik? Eta azal beltzaraneko neskato bat azaltzen da, lotsatuta bezala, azalpena ematen: niri ez zait gustatzen kafe kolorea. Gero mutil zuri bati galdera: zein da panpina gaiztoa? Hau (beltzarana). Zergatik? Bueno, hau beltzarana da eta bestea zuria. Eta zergatik da zuria ona? Begi urdinak ditu eta gorputz osoko azala zuria. Denek erantzuten dute gauza bera. Baina hori ez da hasiera besterik.

Eta zein panpinak du zure antzik handiena? galdetzen diete amaitzeko, eta hor hasten zaizu bihotza erdibitzen. Hor konturatzen zara edertasuna auzi morala dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.