Jira

Oldean

Xabier Gantzarain Etxaniz.
2011ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Oldean datozkit gomutak, han emandako egunak, han egindako lagunak, han geratu zirenak, igandea da, zeruak beruna bota du, astelehena da, urak eraman ditu inork eskertuko ez dien lanari eman dizkioten urteak, leku bat, historia bat salbatzearren eusten zioten han, berena bailitzan zaindu zuten, agian singularra erabili beharko nuke, ez Goretti, zenbat egun dira hogei urte, zenbat liburu dira hogei urte, zenbat jende, zenbat mesede, zenbat irribarre, zenbat zaputz, zenbat malko, eta azkenean ontziak ur egin du, berez bezala geratu da dena urpean, lokatzak hartu ditu liburuak eta aldizkariak, irauteko idatzitakoa galdu da lehendabizi, hala izan ohi da beti. Ur zikina besterik ez diote aurkituko hilotzari biriketan.

Oldean dakarzkit gomutak urak, bortitz, iazko azaro iluna, iazko urte osoa, gora eta gora dator, azpian harrapatu ditu oraingo pentsamenduak, oraingo zeruak, ilun istantzean hiriak hartzen dituen koloreak, eta hara eraman nau berriro ere, Artelekun nago, liburutegian: mundua dago edonoren eskura, eta ez du inork nahi.

Lokatza garbitu, hondarrak jaso, atea itxi, historia idatzi, ordena horretan. Itxaropena galdu. Negarrik ez egin. Oldean dakarzkit gomutak etorkizunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.