Xabier Gantzarain Etxaniz.
Jira

Oinez

2012ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Oinez ibiltzea da akaso kapitalismoak bereganatu ezin izan duen ekintza bakanetarikoa. Ibiltzea. Aita-amak imajinatzen ditut, oinez, buelta bat ematen igande arratsaldez, igandero ohi zuten gisan, azpian lurra, zerua goian, lur bati lotuta, lur bati esker ona emanez, belarren batzuk batzen, loreren batzuk agian, Lurra lurra dela sentituz. Guk ez dugu lurrik, gure zuztarrak kobrezkoak dira, gure zainak plastikozkoak, gure lurra zerua da, gure etxea sateliteak dira.

Ia galduta sentitzen da bat ez baldin badauka sarera konektatzeko modurik, munduzurtz, galduta, bakarrik. Bakarrik. Eta ibili egiten da, kaleak hartzen ditu azpian, harlauza irregularrak sentitzen ditu, hosto lehorren kraska, zuraren leuna eta epela, eta ibili egiten da, eta burua ere lanean hasten zaio, eta begiratu batera batere loturarik ez duten pentsamenduak lotzen zaizkio, maite ditudanak zein lur ari ote dira zapaltzen orain, etxean ote daude oinutsik, zenbat hargin hil ote zen hiri hau altxatzen, zenbat pauso behar ote dira harria jateko, zenbat lagun ote dabil ni bezain munduzurtz, galduta, bakarrik. Bakarrik.

Oinez nabil nora jakin gabe, oinazerik gabe, oinez noa arin, oinez noa beti, ez nazan iraganak harrapa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.