Behe-tenperaturan egositako arrautza laudatuko zioten, seguruenik, guztia ongi ote zegoen galdetzera jatetxearen jabea irribarretsu etorri zenean, hor hasi baitzitzaien aparteko arrautzak ekartzen zizkiotela azaltzen, ez nolanahikoak, ez dakit zein baserritakoak, ekologikoak, noski. Eta ni nengoen tokitik bezeroei entzun ez banien ere, itxuraz limurtuko zuten, jabeak hizketan jarraitu zuelako, oraingoan arrautza arrunten aurka, eta badirudi zerarekin oso engaiatua zegoela, hor hasi baitzitzaien egunaren hogeita lau orduz kaioletan sartuta, lau hormaren artean itxita, argi artifizialpean, ekoizpena beste helbururik gabe dauden oiloek pairatzen duten baldintza penagarriez. «Nik ez dut nire bezeroek (azken buruan nire familiak) oilo estresatuen arrautzak jaterik nahi; nire bezeroei estresa janaraztea litzateke-eta».
Bitxia da, pentsatu nuen, sukaldeko atea, begi-bistan nuena, irekitzen zenetan jatetxe horretako langileak aski estresatuak iruditu zitzaizkidalako. Zerbitzariek jabeari zeharka begiratzeko moduak ere ez zidan landetxe zoriontsu bat ekarri burura. Zorionez, guk ez genuen arrautzarik eskatu, eta arin ordaindu eta alde egin ahal izan genuen, jatekoarekin bat estres pixka bat irentsia nuela susmatuz.
JIRA
Oilo zoriontsuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu