Frantziaren ikurretako bat oilarra izan da. Frantziako Iraultzan zitroin dinastiakoa erabat ordeztu zuen animalia gandordunak. Napoleon bera ez zen oilarraren oso aldekoa, oilarrak ez baitzuen nahikoa indar Frantziako inperioa irudikatzeko, baina hark ere ezin egin nahi zuen dena.
Frantziako Asanblearako bozen emaitza ez da izan esperotakoa. Eta espero gabea ez da beti txarra. Plaza bete jenderen brinkoek poztxoa eragin didate, eta Maurice oilarrarekin oroitu naiz. Orain dela bizpahiru urte Maurice eta bere jabea salatu egin zituen udako oporrak Sain-Pierre d’Oleron herrixkan pasatzen zituen bikote batek. Bikoteak zioen oilarrak zarata gehiegi eta goizegi egiten zuela. Sonatua izan zen albistea, kanpainak eta sinadura bilketak egin ziren. Oilarra hiriaren eta landaren harremanaren sinbolo bihurtu zen, landatarren haserrea adierazteko balio izan baitzuen, landa hiriaren neurri eta arauetara ezin dela egin salatzeko. Epaileak ebatzi zuen oilarrak nahi beste kukurruku egiteko eskubidea zuela.
Politikan, berriz, batzuetan ez da komeni kukurruku gehiegi eta goizegi egitea. Bestelako soinua izan zen igandeko bozetan, eta Zuriñe Rodriguezek sareetan idatzi bezala, zenbat jendek lo egin duen lasaiago.