Xabier Gantzarain Etxaniz.
Jira

Normalegia

2012ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Herri normal batean zutik mantenduko zuten Olympia. Berritu egingo zuten, izen itsusiren bat jarri, Interpretazio Zentroa edo antzekoren bat, baina zutik mantendu, bere eskailera, alboko sarrera eta aulki zaharrekin, eta entzun nahi zuen edonori esango zioten, egin kontu, hauxe da Ramon Saizarbitoriaren Hamaika pauso nobelan azaltzen den Olympia zinema, hementxe ikusi zituen Daniel Zabalegik Fu Mantxu, La Mano Negra eta Hopalong Cassidy-ren pelikulak, nahiz eta filmetako irudiek ez zioten gerora larritasunaren oroitzapena eztitzen, argiak pizterako aulki azpian galdutako oinetakoen bila ibili beharrak sorrarazten zion angustiarena. «Min ematen badizute, zuloa egingo diet behatza ateratzeko», esaten zion amak, baina berak nahiago zuen behatzak kizkurtu, edo ahal zuen guztietan oinutsik ibili.

Juan Luis Zabalak egindako elkarrizketatik, beste esaldi hau ere gorde nuen: «Nik uste dut fikzioak errealitateak berak baino hobeto adieraz dezakeela egia, fede onez idazten denean behintzat».

Gasolindegia ere agertzen da liburuan, eta Urrategi, eta Hurtado de Mendozatarren jauregia, baina A herri normalegia da fikzioari kasu egiteko, eta ez du ezagutzen, oro har, errealitatea beste fikziorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.