Maialenek deitu dit atseden hartu duela eta biharko zutabea jada berak egingo duela esanez. Ea zer moduz nagoen ni. «Ondo» lehor bat erantzun diot. Ez neukan gehiagorako gogorik. Bera, hitzekin hanka puntetan ibiltzerik balego bezala, hasi zait esaten «ezberdin» ikusi nauela kolaborazio aldi honetan, aurrekoetan zutabeak «umoretsuagoak» zirela, oraingoan «beste tonu batetik» idatzi dudala. Seguru. Denok gara beste bat. Shakespearek Errege Lear-enegiten zuen galdera botatzekotan egon naiz Maialeni —«Nork esan diezadake nor naizen?»—, baina ez naiz ausartu, niri ez zegokidan erreferentzia bat iruditu zaidalako. Orain arte idatzi ditudan zutabeetan gai «arinez» aritu omen naiz —laranjez, hausturez, jai herrikoiez— baina nik ere pentsatzen dut NATOz, irakurtzen dut literatura, jarraitzen ditut albisteak. Egia da Miren Amurizaren Pleibak liburuko Jone ispilu bat dela niretzat, #JoneKPMZ, baina Jone ere nor ote da gaur? Halere, ohiturei jarraituz, lagunarteko ohiko adioarekin despedituko naiz, irakurle, grazia edo auzo lotsa, zer eragiten didan pentsatu gabe: ni naiz Karla, eta lista, baina sekula ez karlista.

Nork esan diezadake
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu