Bere buruarengandik ihesi dabilela ohartzen da bat azkenean, eta horixe dela ezinezko ihes bakarra. Egin daiteke ihes kartzelatik, egin daiteke ihes anoxia eragiten duen eguneroko bizitza itogarri honetatik, egin daiteke ihes betetzen ez zaituen leku batetik, baina nekez zeure buruarengandik. Hor dago beti, erne, zein izan zaren ekartzeko akordura; zeure desiorik ilunenak ekartzen dizkizu ametsetan, zeure ametsik ederrenak gogorarazten inoiz, argialdi batean. Eta hor zabiltza, izan zinenaren eta izan nahi duzunaren arteko talka etengabean, barne enbata itzelaren mende, frakasatuaren maskara jantzi ala frakasatuaren bizitza normala egin ezin erabakita.
Ihesean bizi gara, eta nor bere ihesak biltzen gaitu kalean, zinemetan, kontzertuetan, sarean; eta iheserako lagunak aukeratzen ditugu, haien barrenera ihes eginda geure baitatik irteten dugula sentitzeko, ez garela gehiago gu, ez naizela gehiago ni, beste bat naizela, inoren barrenera sartu eta hantxe bilatu duena norbera izaten segitzeko beste modu bat, lehengoa baino gozoagoa, bareagoa.
Eta batek, azkenean, hainbeste denboran ihesean ibili ostean, berriz ere ihes egitea beste erremediorik ez du ikusten, norbera izaten segitzeko.
Jira
Norbera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu