Beste garai bateko artikulugileak ez luke zutabe hau hasiko esanez kontatzera doana non irakurri duen, bere burua lehen terminoan jarrita, hots, singularreko lehen pertsonan hain erraz erorita. Ez dut argi zergatik egiten dugun horrela. Hurbiltasuna izan daiteke aitzakia. Belaunaldi kontu bat ere izan daiteke. Askotan sentitzen dut nire adinekoak intimitatea galdu (edo birsignifikatu) zeneko muga ezagutu dugula eta nora jo ez dakigula gaudela.
La Vanguardia-n irakurri dut artikulu bat, Xavi Ayenek idatzia, Marcel Prousten ipuin argitaragabe batzuen plazaratzearen harira, eta bertan kontatzen da Andre Gidek Proust bisitatu zuenekoa. 1921ean izan zen, duela ehun urte. Literatura autobiografikoaz mintzatu dira bi idazleak, gaur niaren literatura deituko genukeen eta askok gaurko asmakizuntzat jotzen duten horretaz. Gidek bere egunkarian apuntatu du Proustek esana: «Guzti-guztia kontatu daiteke, 'ni' ez esateko baldintza bakarrarekin». Gideez dago ados, eta «nik ez dut arazo hori» idazten du berean, seguruenik homosexualitatea gogoan. Baina eztabaida, edo aholkua, orokortu daiteke idazgintza guztira, susmatuz, Proustekin bat, «ni» esan gabe errazagoa dela nor bere buruarekin zintzoa izatea.
JIRA
Nik ez dut arazo hori
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu