Santiago Zubia pasa zuen Korrikaren furgonetako kideak mikroa hartuta esan du: ni izan naiz. Pankartaren aurretik dunbadunka joan zen joaldunak, buruan tunturroa, soinean ardi larrua eta eskuin eskuan isipua duela hala esan du: ni izan naiz. Lekukoaren ondoan haurraren aulkiarekin korrika egin zuenak esan du: ni izan naiz. Errepidea moztu zutela-eta, kotxea bazterreratu, eta espaloitik txalo egin zuen bikoteak esan du: gu izan ginen. Urdiñarben, Bilbon, Murgian, Gabirian, Tafallan korrika egin zuten herritarrek esan dute: ni izan naiz. Jean-René Etchegarayk, Iñigo Urkulluk, Maria Chivitek prentsaurreko bateratu bat eman dute: gu izan gara. Baionako plazan irakurritako mezua berridatzi du Garazi Arrulak: «Korrika da herri bat gose iraun baino, haginka. Herri anbiziotsu bat ez baita husten agiritan. Ni izan naiz». «Baxoa euskaraz», «Ni ez naiz ilegala», Errealeko kamisetadunak hala esan du: ni izan naiz.
Gaur manifestazioa da Irunen: sei etorkini muga pasatzen laguntzeagatik epaituko dituzte asteartean zazpi herritar. Harro herri, harrera herri. Nor izan da? Gu izan gara.