Jira

Neu

Xabier Gantzarain Etxaniz.
2011ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Zeu zara beti, zeu zara han eta hemen, zeu zara, oraindik harrigarria egiten zaizun arren, hizkuntza batean eta bestean, nahiz eta batetik bestera ahotsa aldatu egiten zaizula sentitu, amiñi bat bada ere, tonua ez da bera, segurantzia ere ez, baina zeu zara azkenean, zeu zara beti.

Zeu zara beti, eta hala ere, hildakoak daramatzazu gainean; umea zinen, orain baino garbiago ikusten zenuen dena, eta orain baino gutxiago axola zitzaizun dena, bazenuen ametsen bat edo beste, bizipozekoa zinen, mundua zeneukan zain, egiteke utzitakoak eta amets galduak dira orain zure itzala. Eta badakizu aurrerantzean itzala gizentzen joango dela.

Izugarria da: zeu zara beti. Beti aldatuz eta eraldatuz, eta beti zeu.

Izugarria da: zeu zara beti, eta edozertara moldatzen zara, ohitu egiten zara, olagarroa bera txiki uzten duzu, inguruaren arabera aldatzen zara, ikasi egiten duzu. Urtu egiten zara, oro zaizu on, edo oro zaizu baleko. Edo ez, ez da hori seguruena. Seguruena, berdin zaizu dena. Edo dena berdin zaizula sinestarazi nahi diozu zeure buruari, egunero ohetik jaiki eta ispilura begiratu ahal izateko.

Izugarria da: ispiluan begiratu, eta zeu zara beti, edo hobeto esanda, sekula ez zara zeu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.