Gero dena ederra da. Giro ederra dago, zuhaitz hostoetan dakusat udazkena. Haurrak dabiltza liburutegi aurrean, laneguna amaituta etxera joan arteko tartean kalean dabil jendea, hizketan geratzen dira, izpilikua igurtzi eta eskuak eraman ditut sudurpera, irabazi egiten dio tabakoari, belarria jartzen dut: bai, ikastolan mutil batek txuleta egin omen du azterketan eta beste batek irakasleari esan omen dio, eta borroka batean hasi omen dira, bat pakistandarra eta bestea marokoarra. Eta Rafael Crespo antropologoak egunkari honetan bertan zurrumurruen funtzioaz esandakoa etorri zait gogora: zurrumurruak izozmendiaren tontorra baino ez dira, kate bateko begia: estereotipoa, aurreiritzia eta, gero, zurrumurrua dator.
Ziniko bihurtzeak ematen dit beldurrik handiena.
Nazionalismoaren naturaltasuna egiten zait eramaten zailena, beste modurik ez dagoela sentitzea, nork berea goratzea natural hartzea denok; garai batean haren kontra gogor egin arren, bere kasa bezala ari dela berpizten, natural, egoera ekonomikoak lagunduta. Hemengoak direlako maite ditugu idazleak, musikariak, zinemagileak, artistak. Ez badira hemengoak ez ditugu maite.
Eta hemengoak izateko baldintza kanpoan ibiltzea da.
Jira
Natural
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu