Arma inportazioak %155 handitu dira Europan azken bost urteetan. Ehuneko ehunean ere kabitzen ez diren zifrak ez dakit nondik ateratzen diren. Bitartean, efemerideetan, gaurko egunez orain hogeita hemezortzi urte, Hego Euskal Herrian galdeketa eguna izan zen: NATO bai, NATO ez. Nire memoria historikoan kapitulu honen titularra Egin egunkariko azal hura da: «Hego Euskal Herrian ezezko biribila NATOri». Ordea, galdeketaren datuak hauek dira: ezezkoa bozkatu zuten %40,9k, baiezkoa %21,5ek, eta abstentzioa %34,9koa izan zen. Nik ez dakit zein ehuneko den «ezezko biribila» esateko modukoa, baina botoen erdiak baino gutxiago da %40,9. Beste era batera esanda, NATOri ezezkoa eman zioten 828.721 herritarrek, baiezkoa 434.553k, abstentziora jo zuten 706.311k, zuriak 43.450 izan ziren, eta nuloak 12.382. Alegia, abstentzioa, zuriak eta nuloak batuta 762.143 herritar izan zirela, ezezkoa eman zutenak baino 66.578 gutxiago, Irungo biztanleria. «Aldea da», esango du baten batek. Nire memoria historikoaren titular borobilaren eta datuen konparazioaren artean, ordea, handia da aldea.

NATOri ez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu