Jira
Nare
Neuk ere horixe nahi nuke, hasi beharrik ez izatea, hitzak berez azaltzen joatea hemen, aspaldi batetik baletoz bezala, munduaren sorreratik bertatik, aspaldi batera joango bailiran, neuk ere horixe nahi nuke, ez hautatu hitzik, ez osatu diskurtsorik, hitzei joaten utzi, iturria ireki eta doazela nare, egin dezatela beren bidea, ez daitezela nahastu egunerokotasunaren arinkeria bortitzarekin, doazela aparte, ezkutuan, lurrazpiko urak bezala, ez daitezela bihurtu zantar, gaurkotasun, albiste, ez daitezela geratu hutsik, ez dezatela balio edozertarako, ez daitezela izan zakarki erabiliak, ez daitezela izan erabiliak, neuk ere horixe nahi nuke, hitzari bere balioa ematea denok, hitzari bere balioa ematea neuk, pausaleku bat eskaini hitzei, hain dabiltza ondoezak jota, zorabioa egiten zaie, ohantze bat eman, neuk ere horixe nahi nuke, ostatu eman munduan hotz egiten duenean, edonork edozertarako baliatu nahi dituenean, aterpe bat eskaini inork gatiba ez ditzan, atea ireki eta doazela bare, ez dezatela tupust egin zomorroi eta bizkarroiekin, dorrea ez dadila izan Iberdrolarena, Etxepare ez dadila izan Institutuarena, Euskal, izatekotan, izan dadila Herriarena, eta herria inorena ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu