Hiztegientzat ez da existitzen nagusi gaingabetu kontzeptua, baina nagusi gaingabetuak existitzen dira, eta asko daude. Nagusi gaingabetuak dira gaina hartu nahi ez duten nagusiak, are, gainik gabeko lan-harremanak antzezten dituztenak. Nire lagunaren nagusia nagusi gaingabetua da. Bere ile-apaindegian egiten du lan lagunak duela bost urtetik, astean sei egunetan, egunean zortzi, bederatzi, hamar orduan. Nagusi gaingabetuak ere eurekin egiten du lan; berdin zaio bezeroei ilea garbitzea edo almazenetik tinta bat ekartzea, erruloak jartzen ditu, azken laka txorrota botatzen, baina sarritan telefonoak jotzen dio, edo ilea lehortzeko garaian etxera joan beharra sartzen zaio. Nagusi gaingabetuak iaz nire lagunari soldata igo zion zertxobait, negozioa ondo zihoalako eta gustura zegoelako berarekin; ez zion esan soldata igotzea zegokionik, ez zion esan negozioa ondo joateak zer irabazi suposatzen zituen, ez zion esan kontratuaren jarraipenik izango ote zuen. Nagusi gaingabetuak ez dira modako enpresari kolegak, ez dira zuzendariak, ez dira goitik behera begiratzen dizuten horietakoak, baina osoak bezain zuriak dira.
Nagusi gaingabetua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu