Xabier Gantzarain Etxaniz.
Jira

Nagia

2012ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Munduak nagia ematen du batzuetan, ia-ia zeure buruak adinakoa. Abizena aldatzea ere pentsatu duzu, Iraundegi behar zenuke aurrerantzean. Bihotz nagikoen kluba gizentzera etorri zara, inork ulertzen ez dituen hitzak paratu dituzu sarreran: Melodia aparteko batean atsegin har dezakeen pertsonak hura ikasteko asmorik gabe, emakume eder batean hura poseitzeko desirarik gabe, edo animalia basati zoragarri batean hura hiltzeko gogorik gabe, ez du bihotzik.

Chantal ikusi duzu Bretainiako hondartzaren batean pasieran, edo Zarauzko malekoian, berdin dio. Gizonak ez dira jiratzen niri begiratzeko, ume-kotxeari bultza egitea besterik ez dute buruan; grinarik ez, denbora-pasak: surfean laketzen dira, kometak gidatzen dituzte (ume-kotxea hobeto eramateko-edo), palaz jokatzen eman ditzakete orduak, futbolak jaten die gogoa, baina dena ere epel, dena ere neurrian, zoramenik ez, surik ez barrenean.

Bere burua ezkerrekotzat daukan egunkari batek hala zekarren goiburua, bestela bezala: Bi gazte, larri, tabakoa eskatu zien gizonak labana sartu ostean Bakion. Zigarro bat piztu nuen, malekoia hutsik zen ordurako. Bihotz nagikoen kluba itxita zegoen jada. Kometekin ariko ziren honezkero ametsetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.