Jira
Morokila
Orainaldi gizen batean esnatzen naiz beti, beteta hasten da eguna, bezperako kargak arindu gabe eusten die berriei, zorretan bizi da heriotzarekin, baina bitartean lepoa lodi, zorrak zor eta beti hor, eta hortxe, erdoka nazkagarria bihurtuta, memoria, oldean dakarzkit irudiak, uhandituta daude liburuak, ezin dira irakurri, ezin bestela ere, orainaldi gizen batean esnatzen naiz beti, beteta hasten da eguna, atzo bezalaxe egongo naiz bihar, egunkariak albistez gainezka etorriko dira, telebista kateek irudiak botako dituzte, bota eta bota, bota eta bota eta bota, eta dena geratuko da artxibatuta ia gertatu baino lehen, edo ez, ez ia, dena geratuko da artxibatuta gertatu baino lehen, unean uneko kontakizunak gertaera ezinezko egingo du, ez dio izateko aukerarik ematen, ez baitio ez izateko aukerarik ematen, dena da artxibatzen, dena da on gordetzeko, dena da gogoangarri, eta dena dago inon gordea izateko moduan pentsatua, aurrez jasota, aurrez hartuta, aurrez janda, irakurri gabe dakigu zer esango duten liburuek, irakurri gabe dakigu zer esango duen bakoitzak, errazak gara aurreikusten, morokilaren neurria da aldatzen den bakarra, dentsitatea, orainaldi gizen batean esnatzen zara beti.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu